Abian gara

pb020310

"Argi neukan nere seme-alabek euskara ikasi behar zutela"

Xoxe Estévez: "Herrialde honek jatorrizko eta adopziozko identitatearen balioa erakutsi dit"

2012ko abenduaren 26

Xoxe Estévez (Quiroga, Lugo, 1943) Euskal Herrira 1973an heldu zen, "amodioaren dei goxoa eta lanaren aginduzko gogorra dela medio". Bi semeren eta alaba baten -azken hau 2006an zendua- aita da. Fato Cultural Galego sortu zituen, beste batzuekin batera, eta urtetan Deustuko Unibertsitatean Historia irakasle izan da. Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenaren bozeramaileetako bat da.

Zergatik erabaki zenuen egitasmo honetara batu?

Galiziarra naizelako, eta Euskal Herriarekin bat egiten dut osotasunean, 1973tik bertan bizi naiz-eta. Lurralde honek eman dit ogia, lana, etxea, familia eta amodioa, diferentzia-eskubidea eta jatorrizko eta adopziozko identitatearen balioa erakutsiz.

Zure ustez, Euskal Herriko komunitate galiziarra noraino dago kulturalki integratuta?

Nahiko agokituta dago integralki eta jarrera baikorra eta bizikidegarria mantentzen du.

Zure semeek euskal hiztunak dira. Nahiz eta gure hizkuntza ez ezagutu, erabaki zenuen semeek euskaraz ikasi behar zutela. Zergatik?

Herrialde periferiko batetik nentorren, eta herrialde horrek antzeko arazoak zituen, horien arten, hizkuntzarena. Argi neukan, nazioarteko solitaritate zentzu trinko bat zela medio, eta hezkuntza integral baten beharragatik, nire seme-alabek Euskal Herriko hizkuntz nazionala ikasi eta hitzegin behar zutela. Euskaraz gain, gaztelaniaz eta galegoz mintzatzen dira.

Zeintzuk dira EH 11 Kolore ekimenaren erronka nagusiak?

Aberatsa den heinean, aniztasunaren balioa hedatzea. Eta eskubide, egin-behar eta aukeren berdintasuna bultzatzea, euskara guztien lotura izanik

Lehenengo pausuak emanak dira. Ze nolako balantzea egiten duzu?

Oso baikorra, hedabideetan izan den ohiartzuna eta jaso ditugun atxikimendu kantitatea kontuan hartuta.